XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

TELEBIXTA LEIHOTIK

Duela zonbait aste Polac-ez mintzo nintzalarik erraiten nuen ohoratuko zela telebixta gate nausia Polac hartuko zuena.

Egina da eta Seigarren gatearen nausiak (nor den ez dakit) merezi ditu nere esku zartak edo txaloak.

Pentsatzen nuen ez zela luzaz lanik gabe egonen gure gaizo Polac.

Bainan tristatzen nauena da ez dela gure ganat heltzen seigarren gate hori.

Beraz Polac gabe biziko gira eta damu dut egiten zituen emankizunak interesgarriak zirelakotz.

Denetarik bazen.

Ez ditut ahantziko Gainsbourg-en mozkorra, Hersanten aurpegi iluna, bertze batzuen irri eta karkailak, Polac-en xixtak.

Duda mudan egona naiz asteazken aratsean.

Zer ikusi behar nuen: La marche du siecle (bigarren gatean) ala Le malade imaginaire (hirugarrenean).

Azkenean Molíere hautatu dut eta ez zait dolutu.

Alabainan Argan, Jacques Charron-ek egiten zuen.

Azkar, lodi, potolo, gorputzez sano eriarena egiten du eta fede haundia dauka medikuetan, haren fede soberakinarekin Molíere burlatzen baitzen medikuez.

Jacques Charron-en azken jokaldietarik zen duela orai dotzena bat urte.

Antzerki hau jokatu-eta hil zen Jacques Charron hamabortz egunen buruan.

Duela hiru mende gauza berbera gertatu zitzaion Moliere-ri, tauletan bota zuela bere azken hatsa ez baitzen izan orduan alegiazko eritasuna bainan egiazkoa.

Antzerkia bururatu bezain laster bigarren gaterat pasatu naiz La vie interrompue deitzen den emankizunaren azken partearen ikusteko.

Gai seriosa dudarik gabe.

Bere buruaz bertze egin dezakea jendeak sobera sofritzen duelarik.

Batzuk baietz, bertze batzuk ezetz.

Mediku batzuk onartzen dute eta entzuten eriaren nahia eta laguntzen dute bertze mundurat pasatzera.

Holako gaiak aipatzen dituelarik telebixtak bere eginbidea betetzen du.

Ortzegunean ez dut Jacques Delors ikusi, ortziralean ere gauza bera Michel Rocard Pivot-en emankizunean agertu delarik.

Eta ez baitut magnetoskoporik emankizun horiek galduak dira neretzat.

Zer domaia! Hemendik lau urteren buruan Europa egina izanen da, jendea, dirua eta bertze mugaz gainetarik pasatuko direla.

Eta, omen, bertze egun batez, Delors-ek erran du XXI mendean Euskal Herri bat izanen zela Europako nazionen artean.

Astelehen aratsean, Antenne 2 gatean, Pattes de velours telefilma.

Jostagina, jokolari onekin egina.

Nola bi emaztedun batez mendekatzen diren bi emaztedunaren bi emazteak.

Arinki itzulia, atsegina, alegeraki jokatua.

J.H.